Ir al menú

Herramientas de accesibilidad

Logo campaña

Kukuxumusuk Rio 2016ko Joko Paralinpikoetan lehiatuko diren kirolariekin bat egin du

• Wolf otsoak umorez irudikatzen du Liberty Segurosek #SeSalen proiektuan babesturiko sei kirolari paralinpiko

• Kukuxumuren pertsonaia famatuak atleta bikain horien talentu, esfortzu eta jarrera emanen ditu ezagutzera

Liberty Seguros taldeak, Espainiako Komite Paralinpikoarekin elkarlanean, Kukuxumusu izan du kontuan #SeSalen proiektuari sostengua eta zaleak gehitzeko, kirol paralinpikoaren zale klub handiena baita. Klub horren bitartez sostengua ematen diete Rio de Janeiroko XV. Joko Paralinpikoetan, irailaren 7tik 18ra, lehiatzeko sailkatuko diren kirolari paralinpiko guztiei. Eta sei atleta hautatu dituzte proiektuaren irudi gisa.

Wolf otsoa, Kukuxumusuren pertsonaiarik ezagunenetakoa, karakterizatu dute sei kirolari bikain hauei bizitza emateko: Ricardo Ten igerilaria, Alfonso Cabello txirrindularia, David Casinos pisu- eta disko-jaurtitzailea, Loida Zabala haltera, Daniel Caverzaschi tenislaria eta Sandra Peña petanka-jokalaria.

Umorez, ozartasunez, sentiberatasunez eta Kukuxumusuren estilo grafiko bereziarekin, sei atletak bildotsaren larru azpian ezkutaturiko otso basatien talde gisa irudikatu dituzte. Izan ere, marka bikainekin abiatuko dira eta larrua jokatuko dute lehiaketan. “Soberan dute talentua, bai eta esfortzu eta jarrera ere” El Languik haientzat konposatu eta sustapenerako bideoklipa biltzen duen rap leloak dioen bezala.

Daniel Caverzaschi tenislariari ‘Nadal paralinpikoa’ deitzen diote. Munduko Junior Txapelduna da eta 16. postuan dago munduko onenen artean. Eskuineko hankako femur eta belaunik gabe jaio zen. Wolfek euli despistatu bati erraketaldi bat emanez irudikatzen du.

Ricardo Ten igerilaria, Pekin eta Sidneyko jokoetan hiru urrezko domina dituena, munduko txapelduna da eta munduko errekorra du bere espezialitatean, 100 metroko bular-igeriketan. Zortzi urte zituelarik, istripu elektriko batek bi besoak eta hanka bat kendu zizkion. Betaurrekorik gabe sekulan ez ibiltzeko apeta duenez, Wolfek jarrita eramaten ditu.

Alfonso Cabello Espainiako gizonik bizkorrena da Pistako kilometroan. Haren berdinak direnekin, bai eta bi besoak dituzten lagunekin ere, lehiatzen da. Urrezko domina Londresen eta Munduko Txapelketan. Ezkerreko besaurre anputatua zuela jaio zen. Horren agudo egiten du lasterka non Wolfi bildots larrua ere askatu egiten baitzaio.

Loida Zabala halterak Espainiako errekorra du bere pisuan. Londresko Jokoetan finalista izan zen eta Espainiako Txapelketa elkarren segidako hamar urtetan irabazi du. Hezur-muinaren hantura batek hanketako mugikortasunik gabe utzi zuen 12 urte zituelarik. Wolfek den bezalakoa irudikatzen du, hots, parrandazale eta alaia, rockaren zalea.

Gure historiako pisu- eta disko-jaurtitzailerik onena den David Casinosek lau urrezko domina eraman zituen Londresen, Pekinen, Atenasen eta Sidneyn. Egun batetik bestera, 25 urterekin, erabat itsu gelditu zen diabetesarekin loturiko erretinopatia bat zela kausa. Kasu honetan, Farala zakurrarekin ageri da, lehiaketako bere lagun bereizezinarekin, alegia.

Sandra Peña Espainiako ordezkari femenino handiena da petanka jokoan eta beti irribarrez dago. Kukuxumusuren marrazkian txori batzuk pilotak ebasten ari zaizkio. Garuneko paralisiak jota dago.

Liberty Segurosek laguntza ematen dio Helburu paralinpikoko kirola sostengatzeko planari (ADOP). Hori enpresa batzuen ekimena da eta 2005az geroztik kirol paralinpiko espainiarra finantzatzea du helburu, laguntzen sistema integral baten bidez, ekipo paralinpikoak nazioarteko lehiaketetan arrakasta izan dezan.

Proiektuaren web orrian (http://www.sesalen.es/) haietako bakoitzaren informazio ugari agertzen da, haien sare sozialetan kontatzen dutena eta jokoetan nola animatzen ahal ditugun ere. Kirol paralinpikoko espedizio espainiarra 114 kirolarik (haien artean 14 sostengurako) eta 68 laguntzailek (entrenatzaile, prestatzaile fisiko, mediku eta antolatzaile gisa) osatuko dute.

> Liberty Seguros Liberty Mutual Group talde barruan dago, Estatu Batuetako ez-bizitzan hirugarren aseguru taldean, eta Espainian 2001etik jarduten du.

> Kukuxumusu Ideia eta Marrazki Fabrikak 1989az geroztik urteak eman ditu umorea eta dibertimendua sortzen, zenbait pertsonaia tartean direla.